Pro libertate patria

Aberri askearen alde, jende librea, jaiki! Pro libertate patria, gens libera state

2012-05-31

DENOK KALITATEZKO HEZKUNTZAREKIN!!

Bloga amaitzeko tenorean ez nuke aipatu gabe utzi nahi gaurkotasun bizia duen gai bat.
Krisia dela-eta, edo honen aitzakipean neoliberalismoak ongizatearen aurka aurrera daraman politika erasokorra eta espreski, hezkuntzaren aurka burutzen ari diren murrizketak salatu nahi ditut.

Honek guztiak, hezkuntzaren kalitatearen beherakada ekarriko du, lanpostuen galera ekartzen ari du eta premia bereziak dituzten haurrek, refuertzoko eskolak hartzeari utziko diote, beste gauza askoren artean.
Beraz,

langileak KALE GORRIRA!
premia bereziko ikasleak AHAL DUTENA EGIN DEZATELA!
irakasleek GRANJA BATEAN BEZALA LAN EGITERA!

Hau gertatzerik nahi ez badugu, bildu gaitezen, batu gaitezen eta borrokatu gaitezen. GURE ESKUBIDEAK DIRA!



Hona kalitatezko eskola publikoaren aldeko bideoa, erdaraz badago ere.




2012-05-30

ZUMAI OLALDEREN BLOGA EBALUATUZ




Hona ene ikaskideari eginiko ebaluaketa. Bere bloga nireatik ikus dezakezue zuzenean "taldekideen blogak" atalean edo hemen klikatuz.

http://hezituzhaziz.blogspot.com.es

IKASLEAREN OHARRAK:
Egin beharreko artikuluaren laburpena edo iradokizuna egiteaz gain, horrekin zerikusia duten bideo edo artikuluak topatzen saiatu da gehienetan. Erabili dituen baliabideen aurkezpen eta azalpen koherentea egin du.

ANALISIA ETA GOGOETA:
Artikulua laburtzera mugatu beharrean bere iritzia sartzen du eta gogoeta bat dagoela ikusten da.

SORMENA ETA ORIGINALTASUNA:
Beste blog batzuk ikusi eta gero, Zumaik ordu batzuk sartu dituela ikusten da. Hainbat gadget eta apaindura jarri ditu blogean, egin beharreko lanez gain eta blogaren izenburuari koherentzia ematen saiatu da.

ATALEN ARTEKO LOTURA ETA KOHERENTZIA:
Oro har ongi. Atal batetik bestera erraz pasatzen zara eta ez duzu inhoherentziarik sumatzen. Hurrenkera logiko eta atsegin bat egiten du. 


HIZKUNTZAREN ZUZENTASUNA:
Euskara ongi menperatzen duela ikusten da. Hizkuntza zuzena eta zehatza darabil denbora guztian. Erdarazko hitz batzuk eta akats txiki batzuk kenduta oso ongi. Eta hau nahiko normala da iturriak erdara hutsez izan baititugu.

AURKEZPENA:
Itxura polita ematen du bere blogean sartzean eta gauzen kokagunea era erakargarri batean eginik dago.

Zumai kasle saiatua eta aritua dela ikusten da. Bederen, blog honekin. Bejondeiola!




SCRATH, PROGRAMAZIO LENGOAIA

kkkkkkkkkk
hasierako marrazki ezaguna
Scratch-a aplikazio informatikoa da, orobat, haurrekin erabiltzeko, bai irakaskuntzan zein aisialdian, betiere adin txikikoei programazioaren aldea erakusteko eta irakasteko asmoarekin.
2007ko udan sortu zuten Estatu Batuetako MITeko (Massachussets Institute of Tecnology) laborategietan. Sistema eragile guzietan erabili daitekeen aplikazioa da (windows, Man Os edo Linux).
Scrathc-a mundu guzian erabiltzen da ingurune oso desberdinetan, eskoletan, etxeetan, museotan...
Berez 6 eta 16 urte bitartekoendako pentsatua dago baina adin desberdinetako jendeak darabil aplikazioa.
Diseinuari dagokionez, lengoaia nahiz ingurunea ahalik eta intuitiboen egitea zen asmoa. Honela, programatzen ez dakien jendeak Scratch-a erabiltzeko zailtasun handiegirik ez izatea bilatzen da.
Jon Bustillo irakasleak sarrera gisa, Scratch-a aurkeztu zigun eta joku erraz bat egiten ikasi genuen.
Oso zaila ez du ematen, baina gauza guziak bezala, hasieran zaila egiten da kontutan hartu beharreko gauzak askotxo baitira. Ariketa txukun bat gauzatzeko ordu dexente sartu behar direla ikusten da eta honek zailtasunak zor ditzake hain programazio estua duten ikasleendako, baina denbora egonik, gauza interesgarriak egin daitezke benetan.


Nik ikasgelan erabili beharko banu, hasiera batean eta ikasleek zaletasuna eta beldurra kentzeko, guziok batera, joku erraz bat eginen genuke. Honela, aplikazioarekin ohitzen joanen ziren eta bere alde ludikoa ikusiko lukete.
Ondoren, binaka jarrita edo, beraiek sorturiko joku bat egin zezaten eskatuko nieke.
Denbora nahiko bagenu, eta jokua egin eta gero, ikasgelan zerbait praktikoa ikasteko balioko zukeen zerbait egiten animatuko nituzke. Esaterako, biderketen taula ikasteko joku bat, edo h-a eramaten duten hitzak zeintzu diren ikasteko jokua, edo Euskal Herriko ibaiak eta hauen kokagunea ezagutzeko jokua...

Scrathc-a erabiltzeko bi saio:

1.- Ortografia garatzeko ariketa. Bale handi bat dabil itsasoan barrena, beren gorputzean hitzak dituzten arrainak dabiltza itsaspean. Baleak h-a duten hitzak baino ezin ditu jan. Jakina, hitzek ez dute h-a jarrita eta ikasleak asmatu behar du hitz bakoitzak h-rik daraman edo ez. Ongi jaten duenean balearen sabelera doa eta puxtarri bat irabazten du. Gaizki jan ez gero baleak barruan duen arraintxo bat botako du puxtarri bat galduz. Arrain guziak jan ez gero, pantaila berri batera joanen da. Horretan, marrazo bat dago eta honek itsastxakurrak jaten ditu baino soilik beren gorputzetan marrazturik dituzten hitzak ongi idatzirik baldin badaude.

2.- Matematikak garatzeko ariketa erraza. Haur batek pantailaren goikaldean dagoen zifra bat lortu behar du. Horretarako, airean dauden zenbakiak eskuekin hartu eta puxika batean sartu beharko ditu. Zenbakiak sartu ahala puxika handituz joanen da, baina zifra hori baina gehiagoko zenbakiak sartzen baditu puxika lehertu eta berriz hasi beharko da. Kantitatea ongi sartu ez gero, beste pantaila bat aterako zaio zenbaki kopuru mugatuagoarekin eta beraz, zifra hori lortzeko zailtasun handiagoekin.

Ongi pasa!

2012-05-28

XTIMELINE ETA PREZI

 XTIMELINE

Kronograma bat sortzea ahalbidetzen duen aplikazioa aukeratu dut egiten nahiko erraza baita eta ikasleak erraz motibatu daitezkeelako. Gainera, joku handia ematen du honelako aplikazio batek. Historia ikas dezakegu, gertaera historiko zehatz bat, biografiak, norberaren biografia egin dezakegu... Tira, ikasleek mami handia atera diezaiokete honi.
Palestinaren historia da time line edo denboraren lerro honetan agertzea erabaki dudana. Paleolitikotik gaurdaino doan historia da eta luze xamar gelditzen den arren, lurralde baten bilakaera adierazteko ezin hobeagoa da. Gainera, ikasleek Palestinako garai zehatz bat hartu beharko dute eta horren inguruan historian sakondu, bai beste kronograma bat eginez edo bai, bestelako baliabideak erabiliz. Esaterako, Pertsak Palestina menderatu zuten aroa hartuko balute, herri horren inguruko historian sakondu beharko lukete, berdin Erromatarrak, Alexanden Handiak edo Otomandarrak Palestinan agindu zutenekoa. DBHrako utziko dugu gaur egun ekialde hurbilean garatzen ari den gatazkaren inguruko ikerketa eta eztabaida.
Azkenik, baliabide edo aplikazioari dagokinez, hau, xtimeline, gisa honetako 4. aplikazioa izan dela aipatu nahi dut. Hasiera batean Timetoast hautatu nuen baina honek ez zidan kristo aurretiko datarik jartzen uzten, gero Dipity hautatu nuen eta honek aldiz, data guztiei eguna eta hilabetea jartzea behartzen ninduen eta ez zidan bi daten arteko tartea jartzen uzten. Gero gaztelaniazko beste bat hautatu nuen baina honekin ere ez nintzen gustora gelditu. Azkenik, Xtimelinek lan honetarako behar nituen baldintzak betetzen zuenez hautatu nuen. Hori bai, ez dut nire timeline-a hona ekartzea jakin izan, niretako ez du aukera hori ematen. Dena den, lotura hemen daukazue.
Azken ohar txik batzuk, argazkiak formato desberdinetan igo daitezke xtimelinera, baina kontuz, jpg formatua onartzen badu ere, jpeg formatua dutenak ez ditu onartzen. Egin beharrekoa erraza da, jpeg formatua duten argazkiak, behin jeitsi eta gero berrizendatu itzazue eta jpeg-ri -e hori kendu eta jpg bezala utzi. Eta arazoa konpontzen da. Bestaldetik, xtimeline nahiko txiki ikusten da eta ezin da pantaila osoko era jarri. Azkenik, datuak sartzean nahiko geldi dabil eta astun xamarra gertatzen da. Baina merezi du.
GUSTOKOA IZAN DEZAZUELA! ETA ASKO IKASI!!



Palestinako lurraldeen historia | View timeline



PREZI

Hau da hautatu dudan bigarren aplikazioa. Benetan txundigarria da eta oso-oso ikusgarria. Ingelera hutsez egon arren, nahiko intuitiboa da eta aurkezpen politak egin daitezke lan pixka bat egin ez gero. Preziren aurrean powerpointak zaharkituak eta xinpleak ikusten dira.

Nire Prezia Palestinaz dihardu atzera berriz ere, baina orain, palestinarrendako zorigaiztoko gertaera latz bat ekarri dut gogora: al nabka edo hondamendia, Israelgo estatu sionista sortu zenekoa. 1948ko maiatzaren 15ean. Orduan Sionistek beren estatua aldarrikatu eta dozenaka herri palestinar suntsitu eta palestinarrak beren etxeetatik bota zituzten baita ehundaka batzuk erahil ere. Gaur egun 5 milioi palestinar beren herrietatik kanpo bizi da, etxera noiz itzuli zain. Bego lan xume hau errefuxiatu guzien omenez.







ARBEL DIGITAL ELKARRERAGILEA




Lan taldean aritu gara Arbel Digital Elkarreragilea (ADE) eskoletan duen erabilera ezagutzeko eta honen inguruko azterketa egiteko. Mindomo baten bidez aurkezten dizuegu Zumaik, Leirek, Susanak eta nik neronik, Gorkak, eginiko lana.
Mindomoa lan eskemak egiteko baliabide paregabea duzue, oso-oso intuitiboa eta hizkiez gain, bestelako gailuak sartzea errazten du: argazkiak, bideoak, pdf-ak...
Edozein lanen inguruko aurkezpen edo eskema egiteko bikaina.

Ikasgelan azaldurikoa atzera berriz ere ez errepikatzearren hona hemen gure lanaren lotura, sakontzeko gogorik duzuenondako.
Besterik gabe,


ADE eskoletan. Urkide Ikastetxearen adibidea

Badirudi estekak ez duela ongi irekitzen mindomoa ixten dugunean. Beraz, hona hemen gure mindomoaren argazkia klasera etorri ez zinetenendako!




lantaldean eginiko mindomoa






IKTen INGURUKO HAUSNARKETA


IKTen inguruko artikulu, liburu eta esperientzia pertsonalean oinarrituz somatu ahal izan dudanez, hiru maila ezberdineko ildoak daude:

1.- Gailu teknologikoak erabiltzea gauza berbera egiteko, eta eskola 2.0k dituen desorekak.
2.- Aldaketa metodologiko bat eman behar dela edota ematen ari dela uste dutenak.
3.- Ikuspegi pedagogikotik, hezkuntzaren aldaketa planteatzen dutenena, Shank, Peterson, Freire, Caneiro....

Lehenbizikoan, eraldaketa prozesurik ez da egon eta eskola askotan, besterik gabe, gailuak aldatu dituzte hauek ekar ditzaketen aldaketa txikiekin: klariona beharrean errotulagailu digitala, liburuak beharrean tabletak eta ordenagailu eramangarriak...
Bigarrenean aldiz, gailu teknologikoak metodologia aldaketa bat emateko baliatu nahi duten adituak ikusi ditut, hauen aukera anitzak eta ezberdinak probestu nahian. Baina baita ere, gailu teknologiko bat eskutan hartzeak aldaketa metodologikoa dela uste dutenena ere.
Hirugarren ildoan topatu dut ordea, benetako aldaketa bat planteatzen duen aditu taldea. Hauek, ikuspegi ezberdinetatik, eta batzuetan, tekonologia berriei kasu handiegirik eman gabe, hezkuntza prozesuaren eraldaketa-iraulketa planteatzen dute. Gizakia oinarritzat hartuz, edota kreatibitatea hezkuntzaren helburu bilakatuz, edota gaur egungo eskolaren %85 ezertarako balio ez duten ezagutzaz beteak daudela diotenak... Hau da, bestelako hezkuntza bilatzen eta sortzen saiatzen ari dira bestelako jendartea eratzen ari den honetan.

Eta honi nire bigarren hausnarketa gehitzen zaio. Niretako, jendarte geroz eta aldakorrago batean gaude, aldaketak geroz eta azkarragoak dira eta beraz, IKTen inguruan zer gertatuko ote den jakitea zail xamarra da. Teknologien bilakaera epe ertainean zertan izanen den planteatze hutsa ere, igarkizun saiakera bat iruditzen zait. Historia errepasa dezagun:
Ehun-milaka urtean gizakia ehiztari-biltzailea izan da, Harri Aroa deitua. Orain dela 12.000 urte Neolitikoarekin nekazaritza eta abeltzaintza jaio ziren. XVIII. Mendean Iraultza Industriala etorri zen. XX. Mendeko erditik aurrera 3. Sektorearen (zerbitzuen) nagusitasuna eman zen. 80. hamarkadan Gizarte Postindustrialaz hitz egiten hasi zen. Milurte berriarekin Informazioaren Gizarteaz eta azkenaldian Ezagutzaren Gizarteaz. Orain, guzia HODEIAN omen dago.
Aldaketak geroz eta sakonagoak, geroz eta azkarragoak izaten ari dira. Nork esan lezake beraz, hogei urtean non eta zertan egonen garen?
Esaterako, petrolioaren Aroa amaitzear dagoela diote aditu gehienek. Kontua ez da petrolioa bukatzen ari dela. Ez da behar bukatzea. Eskaera urtez-urte handitzen doa. Petrolio putzuak aurkitzeari uzten diotenean, eskaera handituz eta eskaintza geroz eta mugatuagoarekin, prezioak biziki handituko dira mundu ekonomia pikutara bidaliz. Zergatik? Sekulan egon ez delako petrolioa bezain energia potente eta merkea (eta kutsakorra jakina). Gaur egungo ekonomia petrolioan oinarritua dago. Petrolioari esker mundu guzian barna bidaiatzen dugu. Mundu guziko produktuak bidaiatzen dute, gure dendetaraino. Gaur egun Txinan, edo Indian, edo Brasilen gertatzen diren gauzak eragin zuzena dute gure bizitzan: globalizazioa da jakina. Eta teknologiek jendea, herriak eta ekonomiak hurbildu dituzte, inoiz ez bezala. Geroz eta elkar hartuagoak gaude eta geroz eta eragin handiagoa dute gugandik urrun dauden tokiko gertaerek.
Beraz, niri gustatuko zitzaidan etorkizuna igarriko dizuet:
Tekonologia berriak zentzuz sartuko dira hezkuntza sisteman, benetako tresna baliagarria izateko. Eskola berriak gizakia izanen dute oinarri eta helburu, eta eskola libreen pentsamendu eta moldeak ikasiko dituzte jendarte berrirako gizakiak heziz.
Teknologia berriak gainera, lehen eta hirugarren munduko aldea zabaltzeko baino, txikitzeko eta are gehiago, desagertarazteko erabiliko dira globalizazio aro honetan, eskubideen globalizazioa eta bizi duinaren globalizazioa eraikiz.
Bitartean, teknologiak negozioa eta etekinak handitzeko besterik erabiltzen ez badira. Benetako beharrei begiratu ordez, ohitura eta aisialdi berriak sortze aldera bideratzen badira, burbuilak behin eta berriz lehertuko zaizkigu... aurpegian.


IKTak ETA HEZKUNTZA PARADIGMA BERRIAK


Roberto Carneiro
Irakasgai honetan irakurri ditudan artikulu guzietatik, dudarik gabe, zailena da Roberto Carneirorena. Beste batzuk pisutsuak, luzeak, teknikoegiak... izan badira ere, honetan aurki ditzakegun paradigma, teoria, kontzeptu, definizio eta aro historiko piloaren amalgamak zaildu egiten du bene-benetan artikuluaren ezagutza sakona jasotzea.
Ilustrazioa? Arrazoia? Neotenia, autopoiese, metanoia, levi-strauss... buf, gehigitxo guretako.
Bi aldiz irakurri behar izan dut adi-adi ulertzen hasteko, baina gauza batzuk azaletik baino ez ditut ulertzen. Levi-straussen antopologia ezagutu beharko nuke sakonean, edo Freiren pedagogia, edo Ilustrazioaren aroa bere iraultza eta Arrazoiaren zentzu filosofikoa zertaz ari den zehatz-mehatz jakiteko.
Beraz, hobekien ulertu dudanaren inguruko laburpentxoa eginen dizuet, ia artikuluaren mamia harrapatzea lortu dudan.

Carlota Perezen arabera (2002) paradigma sozial berri baten atarian gaude. IKTek ekonomia, negozioak, sare sozialak elkar komunikazioa irauli dituzte azken 30 urtean emaniko aldaketekin, inoizko aldaketa teknologikorik sakonena eta azkarrena. Norabide berri honetan paradigma garaile berri honek erabateko aldaketa ekarriko du enpresa, harreman sozial, instituzio eta hezkuntza egituretara.
Informazioaren eta ezagutzaren jendartean gaude eta epe motzean eraldaketa handiak heldu dira. Ezagutza omen da ekonomia berrien motorea eta erregaia aldiz, ikaskuntza.
Beraz, ikaskuntza bizi guzian emanen den gauza bat bezala ulertu behar da eta pertsona hauek trebatzeko ahalegina izanen da, gerora, estatuek, enpresek eta ekonomiek baliabide honen inguruan egiten duten erabileraren araberako emaitzak izanen dituzte.
Antolakuntza mailan hierarkia txikitu eginen da eta lanpostuak lan zehatzak baino anitzak egin beharko dituzte. Multi konpetentzia eta ezagutzen balioa handitu eginen da.
Etorkizuna aldakorra eta geroz eta azkarrago izanen denaren ziurtasun hutsarekin, etengabean ikasten dabiltzan pertsonak eta ezagutza ongi kudeatzen dakiten pertsonak beharko dira.
Hezkuntzari dagokionez, Carneirok paradigmaren eraldaketa hirukoitzaz hitz egiten digu:
Industria moduko hezkuntzatik zerbitzu moduko hezkuntzara.
Irakasten duten eskoletatik, ikasten duten eskoletara.
Irakaste-prozesuen asoziazionismotik konstruktibismora.

1. PARADIGMA: HEZKUNTZA ZERBITZU MODUAN, gertutazunezko zerbitzu moduan
Finean, hemen planteatzen duen dikotomia, antzinako hezkuntza eta hezkuntza berri baten artekoa da.
Antzinakoa, industrializazio garaian sortua, langileek lantegietan aritzeko behar zituzten gutxieneko ezagutzak ikasi modu estandar eta homogeneo batean eta bestaldetik, norbanakoak bere esperientzia bitalean eta garapen pertsonalean bizi behar duen ikaste prozesu etengabea, komunitaeari atxikia.
Hezitzea, Carneirok dio, pertsonei eraldatzen laguntzea da, bakoitzaren potentzialiate gorena lortzea, norberaren gaitasun eta talentuak askatzea.
Hezitzea, bakoitzari bere “bizitzaren liburua” ongi idazteko eta askatasunean egiteko, aukera ematea da. BENETAN POLITA.

2. PARADIGMA: IKASTEN DUTEN ESKOLAK

Aditu talde batek XXI. Mendeko eskolaren oinarriak jarri zituen Hezkuntza: deskubritzeko dagoen altxorra liburuan. Altxor hau lau zutabeetan oinarritzen zen:
1.- Izaten ikastea.
Norberaren barneko hezkuntzari dagokio, bizitzari zentzu bat eta bide bat topatzeko.
2.- Ezagutzen ikastea
Informazio iturri askotarikoen aurrean prestatua egoteko beharrari erantzuteko.
3.- Egiten ikastea
Ezagutzak eta gaitasunak, konpetentziak eta ikasketak, hauek guziak egiten ikasiz eta ikasiz egiten lan mundu geroz eta aldakorragoan.
4.- Elkarrekin bizitzen ikastea
Komunitatearen beharraz eta elkarbizitzaren garrantziaz

Azken finean, hezkuntzaren helburua, jende prestatua eta heziketa onekoa lortzeaz gain, zoriontsuak izaten laguntzeko da. Elkar ezagutza hobetzeko eta bizitzaren magiaz bustitzeko.

3. IKASKUNTZEN ERAIKUNTZA

Jendearen bazterketa eta ezagutzaren zatiketa dira bi mendeetako eskolaren emaitza. Zientzia eta teknologiak aurrerakuntza nabariak ekarri dituzte baina gaur gaurkoz hauek ez dira nahikoak. Konpetentzia sozialak, inteligentzia emozionala edo afektuen hurrenkera gora doaz. 
Erronka berria mundua gure bizitzetan nola berpentsatu eta bersortuko dugun da. Ilustrazioan subjektu eta objektuaren arteko desberdintasuna oinarria bazen, hau da, gu eta munduaren arteko ezberdintasuna, orain, objektu-subjektu dikotomia hau elkar hartukoa subjektuen batueran oinarritu beharko da.
Ezagutzaren aro berrian jakintza guzien batasunaren egintzan saiatzea eta bidea helburu horretara eramatea izanen da.
Ikaskuntza ez da gertatzen ezagutza objektu multzo baten elkarketa hutsagatik. Aldiz kontra, pertsona bera sartzen du bere osotasunean ikaskuntza prozesuan. Piagetek esan bezala "pertsonak beren ezagutzaren subjektu eraikitzaileak dira eta ez dira munduak erakusten dien gauzen grabatzaile hutsak".
"Ezagutzea" jarduera konplexua da arrazoia eta emozioa inplikatuz baita burmuina eta bihotza ere, eta honek, burmuin irudikapenen eraikuntza barne hartzen ditu giza esperientziaren eta informazioaren gainean koherentzia eta ordena inposatuz.

E- LEARNING-A BETIKO KAKA BERA DA, LEKUZ ALDATUA



Roger Schank inteligentzia artifiziala ikertzen pasatu ditu urte pilo bat. Azkenekoak ordea, irakaskuntzaren birmoldaketa osoa planteatuz eman ditu.

Schank-en tesia xinplea eta zuzena da. Gaurko eskolak ez du balio ikasteko. Ez du benetan garrantzitsua dena irakasten eta irakasteko metodoa kaka hutsa da. Eskolek teknologia berriak hartu eta suntsitu egiten dituzte, betiko ikasgaitegia ematen dute, baina on-line.
Berak praktika jartzen du ikasteko eredu gisa, txikitatik egin dugun bezala: hitz egiten praktika bidez ikasi genuen, txirrindulan ibiltzen, autoa gidatzen.......
Bestetik, gaur egun ematen diren irakasgai asko erabilgarriak ez direla esaten du, xuabe esateagatik, eta eskolak bizitzarako prestatzen erakutsi behar digula aldarrikatzen du: ama izaten, aitona izaten, erabakiak hartzen ikastea eta bizitzan zer egin nahi dugun erabakitzea, esaterako.
“Ekinean ikasi” kontzeptua darabil ahotan, praktika irakaskuntzaren ardatz gisa jarriz eta horregatik, bere ilobetako bat beste 11 haurrekin, beraiek sorturiko eskola berri batean sartu dituzte. Hor, gustoko dituzten gauzak egiten dituzte, guztiak oso praktikoak, besterik ez.

Roger Schank-ek ere askok harturiko bidea hartu du bere ilobarekin. Eskola tradizionalarekiko konfidantzarik ez eta bestelako proiektua sortu du guraso talde batekin. Estatuak ezarritako beharren arabera baino, haurrak berezko dituzten behar, nahi eta interesen araberakoak baizik.



 2 minutu eskaseko bideo honetan Schank-ek bere filosofiaren ardatz batzuk ematen dizkigu. Tartean HEZKUNTZARAKO MOTOREAK bere proiektuaren berri, zeinetaz informaziorik lortu ez dudan, gazteleraz esan nahi dut.

Bestela ere, nire blogaren eskuin aldean lotura interesgarri bat duzue: Paideia eskola libertarioarena. Espainiar Estatuko Merida hirian kokatua dago eta ia 30 urte daramatzate "ekinean ikasi" ideia praktikara eramaten... beste gauza askoren artean.






ESKOLA 2.0. PROGRAMAREN INGURUKO IKERKETA



Jakiak kontserba latetan sartzearen metodoa XIX. mende hasieran asmatu zen, baina hauek zabaltzeko gailuak, soilik 30 urte geroago.
Ideia honekin gelditzen naiz ikerketa hau irakurri eta gero.

Irakasleei zuzenduriko inkesta baten emaitzak dira orain gainetik laburtu eta ondorioztatuko ditugunak.
Espainiar Estatuko autonomia erkidegoen arteko azterketa konparatua da ikerketa hau, “haur bakoitzak ordenagailu bat” programaren barruan eginikoa eta hortarako irakasleen praktika eta ikusmoldeaz aritzen dira. Orain aztertuko ditugun datuak, 4.500 irakasleei eginiko inkesta baten emaitzetatik atera ditugu. Inkesta hau espainiar Estatuko autonomia erkidego gehienetan burutu da, eta irakasle lanetan dabiltzan pertsonei egin zaie.

Irakasleek positiboki
- IKTen sarrera ikasgeletan
- Etorkizunera begira hobeki prestatuak egonen dira
- Irakasleek formakuntza nahikoa dutela uste dute IKTekin aritzeko
- Ikasleak ere motibatuagoak ikusten dituzte
- Aldaketa metodologikoa egin dutelakoan daude

Irakasleek negatiboki
- Formakuntza gehiago behar dutela onartzen dute
- Autonomiei inplikaio handiagoa eskatzen diete
- IKTetan koordinatzaileak behar direla esaten dute
- Teknologia gehiago sartzeke daudela oraindik
- Euskarri eta metodologia “zaharrak” direla nagusi direla esaten dute
- IKTak sartzean informazio eskasa izan dutela aipatzen dute
- Material didaktiko gutxi dutela
- Sostengu eta aholkularitza hala holakoa izan dutela

Gorkak kritikoki
Ikasgelan beti bezala, irakasleek antzeko gauzak egiten badabiltza, eta IKTek ematen dituzten aukera berritzaileenak gutxien erabiltzen dituztela onartzen badute:
IKTak gehien zertarako
- interneten bilaketak egiteko
- ADEan azalpenak emateko
- On line ariketak egiteko
IKTak gutxien zertarako
- On line baliabideak landu eta erabiltzeko
- Lanak on line argitaratzeko
- Proiektu telematikoetan parte hartzeko
Hau ondoriozta dezaket beraz,
- Teknologia asko ikasgeletan baina BERRIKUNTZA PEDAGOGIKO gutxi
- Metodologia aldaketa omen dago baina GAUZA BERBERAK tresna modernoekin egiten dabiltza
- Autonomi erkidego bakoitza bere aldetik, POLITIKOEN BULTZADAREN arabera eta ez benetako hezkuntza planifikazio batean oinarritua.

Jakiak enlatatzen hasi gara irekitzeko gailu zehatza eduki gabe. Gizateriaren betiko patua ote?

Gure patua hauxe:
Eskola 2.0 inguruan bi berri. Orain arte hitz egindakoaren harira.



2012-05-26

MANEL RIVESEN IRAKURKETA KRITIKOA

Manel Rivesen bideoa, hasieratik bukaeraraino eta hori berak jakin gabe, edo agian bai ez dakit, eskola libreen aldeko aldarrikapena da.
Eskola libre batean aritu garenok, edo ikastaroren bat egin duzuenok, edo hauen teoriak eta adibideak irakurri dutenek, garbi aski ikusten dugu berak planteatzen dituen gauza asko, dagoeneko, eskola mota hauetan lantzen direla, edo ohiko ikaskuntza prozesuan barneratuak daudela.
Rives jaunak norberak, ikasle bakoitzak alegia, "bere ezagutzaren sortzailea" izan behar duela aipatzen du, eta hori da hain zuzen ere, eskola libre gehienen funtsezko ezaugarria. Ikaslea bera da bere ikas prozesuaren eratzailea. Irakasleek, laguntzaile eta ziztatzaile lana egitera mugatu behar dira saiakuntza-ekatsa ensayo-error ospetsu horri bide librea utziz.
Hau guztia jakina, eskola tradizional baten barnean esaten ari du, legeak eta dekretoak eta ikastetxeko proiektuak eta curriculumak eta ebaluaketak eta ia-ia pausu guztiak hitzez hitz ezarritak dauden eremuan. Hau gutxi balitz, gurasoen laguntza baino seme-alabekiko gehiegizko babesa eta krisiak eragindako lan kargen igoerarekin, esaten dituenak politak diren arren "arriskatzen jakin behar da" edo "gauza berrietara irekiak egotea" horiek oso ongi dauden arren, egunerokoan aurrera eramateko aukerak urriak, oso urriak direla baieztatu behar dugu.
Niretako, Rivesek etorkizuneko eskolaren oinarriak beharko liratekeenak aipatzen ari ditu, hori bai, eskola tradizionaletik abiatuz, eta teknologia berrien laguntzarekin, egin beharreko aldaketak azpimarratuz.
Nire irudiko, honelako aldaketak geroz eta gehiago emanen dira heldu zaigun jendarte aldakor eta gora beheratsuaren erronkei aurre egin nahi badiegu behintzat. Baina aldaketa hauek pixkanaka ematen joanen dira, jendartearen aldaketak berak gehiago eraginda, eskolako arduradun politikoen eskutik baino.
Bukatzeko, akaberan aipatzen duen kreatibitatearen beharraz, pentsamendu dibergentea eta musika bezalako irakasgaiei ordu gehiago eman beharraz ari denean, nire blogaren bigarren sarreran eman nizuen pentsamendu dibergentearen inguruko bideoa berrikustea gomendatzen dizuet. Ildo beretik baitoaz biak.
Izan ongi.

JUAN CRISTÓBAL COBO ROMANÍ


teknologia berriak ezagutzaren jendartean
benetako erronkak ezagutzaren jendartean

Cobo Romaniren bi testu aurkeztu behar dizkizuet oraingo honetan.
Bi testuok nahiko desberdinak dira, bai moldean eta bai esanguran ere. Esan nahi baitut, lehena txapada hutsa dela, eta bestea berriz, erakargarria eta ideia berritzaileez josia datorrena. Baina desberdintasun handiena ez dago arestian aipaturikoan, sakoneko filosofian baizik.
Lehen testuan IKTn definizio eta kontzeptuen zerrendaketa zehatza egiten duen bitartean, bigarrenean ordea, aurrekoaren garrantzia gutxitu eta bestelako parametroetara bideratzen gaitu.

Lehen testua informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) azterketa akademikoa da. Zer dira teknologia berriak, nola definitzen dituzten erakunde desberdinek, hauen garrantzia, zer parametrotan sartzen ditugun, patatin patatan ... Tira, honelako testu bat blog batean laburtzen saiatzea bezain astopotroa ez naiz eta beraz, ideia interesgarrienak botako dizkizuet.
Bigarren testua aldiz, elkarrizketa bat da. Arinagoa eta irakurterraza. Horrek ez du esan nahi dena den, laburpena egin eta blogean jartzea proposatzen dizuedala. Izatez, nork demoniok irakurri nahi ditu testu batzuen laburpenak blog batean. Ez behintzat hezkuntzarekin aske blogean.

Aurreneko testuaren punturik interesgarriena, guri dagokigunez behintzat, txostenaren akaberan dago. Bertan, hitzez hitz honela dio Cobok: "urteetan, ezagutzaren jendartearen paradigmarako sarrera demokratizatzeko bidea eta era berean, eskolak eta irakaskuntza gaurkotzeko bidea IKTak zirela uste izan zen". Eta ondorioztatzen duenez, ezaugarri teknologiko hauei baino lehenago arreta jarri behar zaien oinarrizko baldintza batzuk badirela. Esaterako, gaitasun eta trebetasun esparru bat zehaztea, irakaskuntza ikusmolde hau suspertuko duten jarduera pedagogiko berrien sarrera, ikaste prozesua des-uniformatzea, ikaste prozesu ez formala ber-baloratzea, ebaluatze sistemak eta curriculuma ber-diseinatzea, ikaste jarraituaren, diziplina anitzaren eta diziplinartekoaren balioa sendotzea... "horiek dira IKTak ikaste eremuetan era eraginkor batez integratzeko oinarrizko baldintzak". Cobo dixit.
Buf, hau duk hau! esanen du batek baino gehiagok. Baina gakoa hor dago. Liburua tablet-agatik aldatzen badugu eta arbela arbel digital elkarreragileagatik, aldaketa teknologikoa egin dugu, eta kitto. Ez dugu besterik aldatu. Ez dago aldaketa kualitatiborik eta ez diegu IKTei atera dakiekeen zuku guztia aterako.

Bigarren testuaren indarra sakoneko hausnarketan dago: irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan ahaztuak eta baztertuak gelditzen diren gaitasunetaz dihardu Cobok. Ezagutza ikustezinaz hitz egiten digu, jendarte harremanetarako baliogarriak diren gaitasunak, ezagutza tazitoaz eta egoera ezezagunetan bizkor aritzeko ahalmenaz.
Eta teknologia berriekin zer? Teknologia berrien aldekoa da jakina, baina ez hauen sarrera huts baten aldekoa, aldaketa metodologikoaz gain, hauek ikas eta sozializazio prozesua eraldatzeko duten gaitasuna baliatzeko proposatzen ditu. Esan nahi baitu (Cobo jaunak), teknologia aldaketak ez duela besterik gabe, aldaketa metodologikoaz gain, hobekuntzarik ekartzen bestelako parametroetan, ikerketa batek erakutsi bezala. Horregatik, etorkizunera begiratu beharrean (politikoek dioten bezala, bozkak lortzearren), iraganera begiratu behar diogu, eginiko akatsak errepika ez ditzagun eta IKTei benetako mamia atera diezaiegun.

Laburbilduz, blogazale hori, IKTak tresna bikaina dira, ezinbestekoa egiaren esateko. Beti ere, pegagogia berritzaile baten babespean eta batzuek "curriculum informala" hots egin diotenaren indartzearekin erabiltzen badira.

HONA PENTSAMENDU BERRIAREN TEORIKOETAKO BAT.
Hiroshi Tasaka japoniarra. Merezi du bideo motz hau aditzeak.




Hiroshi Tasakak ezagutzaren jendarteraren paradoxaz hitz egiten digu bideo interesgarri honetan.
Harritzen gaituen aurreneko gauza, ezagutzaren jendartean, ezagutzak bere garrantzia galduko duela da. Zergatik? Bada ezagutza guztia sarean egonen baita eta beraz, ezagutza beharrean jakinduria baloratuko da.
Berarendako 2.0-a iraultza izan da. Honen bidez aditu talde batek, genio bakar batek, edo gaitasun handiko gutxi batzuk baina askosaz emaitza hobeagoak lortuko dituzte. Honi inteligentzia kolektiboa hots egin dio eta tresna internet dela dio.
Hau da niretako, bideo honen punturik interesgarriena, sare sozialek, lan taldean gauzaturiko proiektuek lorpen hoberenak izanen dituztela dioen zatia.

2012-04-16

PENTSAMENDU DIBERGENTEA Vs ESTANDARIZAZIOA

Teknologia berrien munduan sakontzen hasi baino lehen bideo motz hau aurkeztu nahi dizuet.
Bertan, Ken Robinsonek hezkuntzaren helburuetaz eta oinarrietaz hitz egiten digu. Eskola publikoak zergatik sortu ziren eta zein helbururekin, eta honek guziak zer irakaskuntza mota ekarri duen.
Ez dugu ahaztu behar teknologia berriak tresna bat direla, haurren heziketarako laguntza gisa hartu behar direnak.
Hezkuntzaren oinarria ordea, ZER IRAKATSI nahi dugun da, eta are garrantzitsuago: ZER PERTSONA MOTA lortu nahi dugun.
Ken Robinsonek bideo honetan gaur egungo erronkei aurre egiteko prestakuntzarik ez dagoela adierazten du garbiro.



2012-04-03

ZERTARAKO IKTak

Gaur egun sare birtualetan murgildurik bizi den jendartea da gurea. Lana dela, aisialdia dela, erosketak direla, informazioa eta jakin-gogoak internetera, hodeira gaurko hizkeran, eramaten gaitu. Bizitzaren alor guztietara zabaldurik ditugu teknologia berriak eta beraz, hauek ere irakaskuntzan era eraginkor eta apropos batean erabiltzen ikastea ezinbestekoa dugu. Hau da irakasgai honetatik atera beharko genukeen lehen ikaskuntza.

Baina telematikak une oro aldaketak eta sorpresak eskaintzen dizkigu. Tresna berriak agertzen zaizkigu egunero. Arrakasta izan zuten batzuk berehala zaharkiturik gelditu ziren edo betirako ziruditen berrikuntza batzuk beste batzuengatik ordezkatu ziren denbora gutxian.

Hortaz, Hezkuntzari Aplikaturiko Teknologia Berriak irakasgaiak bitarteko hauek guztiak erabiltzen erakutsi baino, hain aldakor eta gora-beheratsu den mundu honetan murgiltzeko eta egokitzen ikasteko balio beharko ligukeen irakasgaia izatea espero dut,

Hau baita mundu honetan egokiro ibili ahal izateko dugun bide bakarra. Hala bedi.