IKTen inguruko artikulu,
liburu eta esperientzia pertsonalean oinarrituz somatu ahal izan dudanez, hiru
maila ezberdineko ildoak daude:
1.- Gailu teknologikoak
erabiltzea gauza berbera egiteko, eta eskola 2.0k dituen desorekak.
2.- Aldaketa metodologiko
bat eman behar dela edota ematen ari dela uste dutenak.
3.- Ikuspegi
pedagogikotik, hezkuntzaren aldaketa planteatzen dutenena, Shank,
Peterson, Freire, Caneiro....
Lehenbizikoan,
eraldaketa prozesurik ez da egon eta eskola askotan, besterik gabe,
gailuak aldatu dituzte hauek ekar ditzaketen aldaketa txikiekin:
klariona beharrean errotulagailu digitala, liburuak beharrean
tabletak eta ordenagailu eramangarriak...
Bigarrenean aldiz,
gailu teknologikoak metodologia aldaketa bat emateko baliatu nahi
duten adituak ikusi ditut, hauen aukera anitzak eta ezberdinak
probestu nahian. Baina baita ere, gailu teknologiko bat eskutan
hartzeak aldaketa metodologikoa dela uste dutenena ere.
Hirugarren ildoan
topatu dut ordea, benetako aldaketa bat planteatzen duen aditu
taldea. Hauek, ikuspegi ezberdinetatik, eta batzuetan, tekonologia
berriei kasu handiegirik eman gabe, hezkuntza prozesuaren
eraldaketa-iraulketa planteatzen dute. Gizakia oinarritzat hartuz,
edota kreatibitatea hezkuntzaren helburu bilakatuz, edota gaur egungo
eskolaren %85 ezertarako balio ez duten ezagutzaz beteak daudela diotenak...
Hau da, bestelako hezkuntza bilatzen eta sortzen saiatzen ari dira
bestelako jendartea eratzen ari den honetan.
Eta honi nire bigarren
hausnarketa gehitzen zaio. Niretako, jendarte geroz eta aldakorrago
batean gaude, aldaketak geroz eta azkarragoak dira eta beraz, IKTen
inguruan zer gertatuko ote den jakitea zail xamarra da. Teknologien
bilakaera epe ertainean zertan izanen den planteatze hutsa ere,
igarkizun saiakera bat iruditzen zait. Historia errepasa dezagun:
Ehun-milaka urtean
gizakia ehiztari-biltzailea izan da, Harri Aroa deitua. Orain dela
12.000 urte Neolitikoarekin nekazaritza eta abeltzaintza jaio ziren.
XVIII. Mendean Iraultza Industriala etorri zen. XX. Mendeko erditik
aurrera 3. Sektorearen (zerbitzuen) nagusitasuna eman zen. 80.
hamarkadan Gizarte Postindustrialaz hitz egiten hasi zen. Milurte
berriarekin Informazioaren Gizarteaz eta azkenaldian Ezagutzaren
Gizarteaz. Orain, guzia HODEIAN omen dago.
Aldaketak geroz eta
sakonagoak, geroz eta azkarragoak izaten ari dira. Nork esan lezake
beraz, hogei urtean non eta zertan egonen garen?
Esaterako, petrolioaren
Aroa amaitzear dagoela diote aditu gehienek. Kontua ez da petrolioa
bukatzen ari dela. Ez da behar bukatzea. Eskaera urtez-urte handitzen
doa. Petrolio putzuak aurkitzeari uzten diotenean, eskaera handituz
eta eskaintza geroz eta mugatuagoarekin, prezioak biziki handituko
dira mundu ekonomia pikutara bidaliz. Zergatik? Sekulan egon ez
delako petrolioa bezain energia potente eta merkea (eta kutsakorra
jakina). Gaur egungo ekonomia petrolioan oinarritua dago. Petrolioari
esker mundu guzian barna bidaiatzen dugu. Mundu guziko produktuak
bidaiatzen dute, gure dendetaraino. Gaur egun Txinan, edo Indian, edo
Brasilen gertatzen diren gauzak eragin zuzena dute gure bizitzan:
globalizazioa da jakina. Eta teknologiek jendea, herriak eta
ekonomiak hurbildu dituzte, inoiz ez bezala. Geroz eta elkar
hartuagoak gaude eta geroz eta eragin handiagoa dute gugandik urrun
dauden tokiko gertaerek.
Beraz, niri gustatuko
zitzaidan etorkizuna igarriko dizuet:
Tekonologia berriak
zentzuz sartuko dira hezkuntza sisteman, benetako tresna baliagarria
izateko. Eskola berriak gizakia izanen dute oinarri eta helburu, eta
eskola libreen pentsamendu eta moldeak ikasiko dituzte jendarte
berrirako gizakiak heziz.
Teknologia berriak
gainera, lehen eta hirugarren munduko aldea zabaltzeko baino,
txikitzeko eta are gehiago, desagertarazteko erabiliko dira
globalizazio aro honetan, eskubideen globalizazioa eta bizi duinaren
globalizazioa eraikiz.
Bitartean, teknologiak negozioa eta etekinak handitzeko besterik erabiltzen ez badira. Benetako beharrei begiratu ordez, ohitura eta aisialdi berriak sortze aldera bideratzen badira, burbuilak behin eta berriz lehertuko zaizkigu... aurpegian.
Bitartean, teknologiak negozioa eta etekinak handitzeko besterik erabiltzen ez badira. Benetako beharrei begiratu ordez, ohitura eta aisialdi berriak sortze aldera bideratzen badira, burbuilak behin eta berriz lehertuko zaizkigu... aurpegian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario