Pro libertate patria

Aberri askearen alde, jende librea, jaiki! Pro libertate patria, gens libera state

2012-05-28

IKTak ETA HEZKUNTZA PARADIGMA BERRIAK


Roberto Carneiro
Irakasgai honetan irakurri ditudan artikulu guzietatik, dudarik gabe, zailena da Roberto Carneirorena. Beste batzuk pisutsuak, luzeak, teknikoegiak... izan badira ere, honetan aurki ditzakegun paradigma, teoria, kontzeptu, definizio eta aro historiko piloaren amalgamak zaildu egiten du bene-benetan artikuluaren ezagutza sakona jasotzea.
Ilustrazioa? Arrazoia? Neotenia, autopoiese, metanoia, levi-strauss... buf, gehigitxo guretako.
Bi aldiz irakurri behar izan dut adi-adi ulertzen hasteko, baina gauza batzuk azaletik baino ez ditut ulertzen. Levi-straussen antopologia ezagutu beharko nuke sakonean, edo Freiren pedagogia, edo Ilustrazioaren aroa bere iraultza eta Arrazoiaren zentzu filosofikoa zertaz ari den zehatz-mehatz jakiteko.
Beraz, hobekien ulertu dudanaren inguruko laburpentxoa eginen dizuet, ia artikuluaren mamia harrapatzea lortu dudan.

Carlota Perezen arabera (2002) paradigma sozial berri baten atarian gaude. IKTek ekonomia, negozioak, sare sozialak elkar komunikazioa irauli dituzte azken 30 urtean emaniko aldaketekin, inoizko aldaketa teknologikorik sakonena eta azkarrena. Norabide berri honetan paradigma garaile berri honek erabateko aldaketa ekarriko du enpresa, harreman sozial, instituzio eta hezkuntza egituretara.
Informazioaren eta ezagutzaren jendartean gaude eta epe motzean eraldaketa handiak heldu dira. Ezagutza omen da ekonomia berrien motorea eta erregaia aldiz, ikaskuntza.
Beraz, ikaskuntza bizi guzian emanen den gauza bat bezala ulertu behar da eta pertsona hauek trebatzeko ahalegina izanen da, gerora, estatuek, enpresek eta ekonomiek baliabide honen inguruan egiten duten erabileraren araberako emaitzak izanen dituzte.
Antolakuntza mailan hierarkia txikitu eginen da eta lanpostuak lan zehatzak baino anitzak egin beharko dituzte. Multi konpetentzia eta ezagutzen balioa handitu eginen da.
Etorkizuna aldakorra eta geroz eta azkarrago izanen denaren ziurtasun hutsarekin, etengabean ikasten dabiltzan pertsonak eta ezagutza ongi kudeatzen dakiten pertsonak beharko dira.
Hezkuntzari dagokionez, Carneirok paradigmaren eraldaketa hirukoitzaz hitz egiten digu:
Industria moduko hezkuntzatik zerbitzu moduko hezkuntzara.
Irakasten duten eskoletatik, ikasten duten eskoletara.
Irakaste-prozesuen asoziazionismotik konstruktibismora.

1. PARADIGMA: HEZKUNTZA ZERBITZU MODUAN, gertutazunezko zerbitzu moduan
Finean, hemen planteatzen duen dikotomia, antzinako hezkuntza eta hezkuntza berri baten artekoa da.
Antzinakoa, industrializazio garaian sortua, langileek lantegietan aritzeko behar zituzten gutxieneko ezagutzak ikasi modu estandar eta homogeneo batean eta bestaldetik, norbanakoak bere esperientzia bitalean eta garapen pertsonalean bizi behar duen ikaste prozesu etengabea, komunitaeari atxikia.
Hezitzea, Carneirok dio, pertsonei eraldatzen laguntzea da, bakoitzaren potentzialiate gorena lortzea, norberaren gaitasun eta talentuak askatzea.
Hezitzea, bakoitzari bere “bizitzaren liburua” ongi idazteko eta askatasunean egiteko, aukera ematea da. BENETAN POLITA.

2. PARADIGMA: IKASTEN DUTEN ESKOLAK

Aditu talde batek XXI. Mendeko eskolaren oinarriak jarri zituen Hezkuntza: deskubritzeko dagoen altxorra liburuan. Altxor hau lau zutabeetan oinarritzen zen:
1.- Izaten ikastea.
Norberaren barneko hezkuntzari dagokio, bizitzari zentzu bat eta bide bat topatzeko.
2.- Ezagutzen ikastea
Informazio iturri askotarikoen aurrean prestatua egoteko beharrari erantzuteko.
3.- Egiten ikastea
Ezagutzak eta gaitasunak, konpetentziak eta ikasketak, hauek guziak egiten ikasiz eta ikasiz egiten lan mundu geroz eta aldakorragoan.
4.- Elkarrekin bizitzen ikastea
Komunitatearen beharraz eta elkarbizitzaren garrantziaz

Azken finean, hezkuntzaren helburua, jende prestatua eta heziketa onekoa lortzeaz gain, zoriontsuak izaten laguntzeko da. Elkar ezagutza hobetzeko eta bizitzaren magiaz bustitzeko.

3. IKASKUNTZEN ERAIKUNTZA

Jendearen bazterketa eta ezagutzaren zatiketa dira bi mendeetako eskolaren emaitza. Zientzia eta teknologiak aurrerakuntza nabariak ekarri dituzte baina gaur gaurkoz hauek ez dira nahikoak. Konpetentzia sozialak, inteligentzia emozionala edo afektuen hurrenkera gora doaz. 
Erronka berria mundua gure bizitzetan nola berpentsatu eta bersortuko dugun da. Ilustrazioan subjektu eta objektuaren arteko desberdintasuna oinarria bazen, hau da, gu eta munduaren arteko ezberdintasuna, orain, objektu-subjektu dikotomia hau elkar hartukoa subjektuen batueran oinarritu beharko da.
Ezagutzaren aro berrian jakintza guzien batasunaren egintzan saiatzea eta bidea helburu horretara eramatea izanen da.
Ikaskuntza ez da gertatzen ezagutza objektu multzo baten elkarketa hutsagatik. Aldiz kontra, pertsona bera sartzen du bere osotasunean ikaskuntza prozesuan. Piagetek esan bezala "pertsonak beren ezagutzaren subjektu eraikitzaileak dira eta ez dira munduak erakusten dien gauzen grabatzaile hutsak".
"Ezagutzea" jarduera konplexua da arrazoia eta emozioa inplikatuz baita burmuina eta bihotza ere, eta honek, burmuin irudikapenen eraikuntza barne hartzen ditu giza esperientziaren eta informazioaren gainean koherentzia eta ordena inposatuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario